XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gau batetan amets egin zuen, amets estraino bat.

Arrats zoragarri batean eguzkiaren erortzeari begira ari zela, puntu bat antzeman zuen infinitoan.

Hurbiltzean, puntua forma hartzen hasi zen.

Antzar eder hura bere balkoiko barandauan pausatu zen arin.

Errege, hegaztiaren xarmaz itsuturik, ez zen hark utzitako opariaz ohartu ere egin.

Mezulariaren bueltako hegaldia lehen bezala jarraitu zuen erregek, hark forma galdu, puntu bilakatu eta desagertu zen arte.

Orduan arraultza batek krak egin zuen bere oinetan.

Arraultza erdibitu egin zen eta lurrin misteriotsuen artean erregina sortu.

Erregek oraindik ez bazekien ere gau hartan bere usterik sendoenak zartatzen hasi ziren.

Bertsoak kantatzeari utzi zion handik aurrera; gogoetan jarduten zuen.

Dorrearen buelta guztian ez zen belarrik sortzen zapaltzearen zapaltzez.

Lepoko mina zuen oinetara begiratzearren.

Artean ez zen gertatzen zitzaionaz ondo konturatzen.

Putzu ilun baten aurrean, zalantzaz betetako putzua, amilduko zela pentsatu zuen.

Amorraturik, madarikazio eta biraoz estali zuen bere nahigabea.

Erreinuko bazterretara erregeren uluak barreiatu ziren.

Etsipenak erabat jo aurretik usoez baliatzea otu zitzaion.

Gutunak idatzi zizkien lagun zaharrei mendiska berdez betetako eremu zoragarri hartako agintari eta gaztelu itzel baten jabe zela esanez.

Arren etortzeko eskatu zien, gonbitea prestatzen ari zela eta abia zitezela lehenbaitlehen.

Gustura babestuko zituen bere erreinuan; hobe zuten alfonbra hegalariak hartu eta berak egin zuen bezalaxe aingura behin betiko botatzea.